Zortzikoaren indarra (Alguillo & Alkimistak taldearen zuzenekoaren kronika) (eu)

2024.10.29

URKO ANSA

  • Taldea: Alguillo & Alkimistak
  • Eguna: Urriak 20
  • Lekua: Aita Agirre Kultur Aretoa (Elgoibar, Gipuzkoa)

Igandea, eguerdiko hamabiak eta erdi. Iritsi da momentua: hainbeste denboran prestatzen ibilitako kantuak, grabazioak, nahasketak, entseguak… jendaurrean aurkezteko eguna. Gitarra-baxua-bateria hortxe dauzkagu, bai, baina baita hammonda eta perkusio latinoak ere. Ah! eta gospel estiloko hiru emakume ahotsezko koro bat. Rythm & bluesa, funkya, rock latinoa, bolero kutsuko erritmoak, rocka… Zortzikote honen aurkezpen kontzertua da. Kultur aretoa goraino beteta dago: eserleku gutziak hartuta, jendea zutik eta hainbat pertsona aretora sartu ezinik…

Alfonso Guilló, baxua eskuetan duela, Elgoibarko Aita Agirre Kultur Aretoan. URKO ANSA

Lehenik eta behin, Txeles Albizu perkusionista taularatu zen, eta bere tramankuluei lehen soinuak ateratzen hasi ondoren, David Gorospe bateria jotzailea gehitu eta bien artean bizpahiru minutuko perkusio leunarekin girotu gintuzten, hain zuzen ere banda osoa Orbelaren parte-rekin hasi baino lehen. Emanaldiari hasiera emateko modu originala izan zen, bai horixe. Nire esku-rekin funkyan murgildu ziren, eta Orbelaren parte-rekin batera Burua makurtu gabe diskoko kantu onenetakoak diren arren, tentsioa nabaritzen zen oraindik oholtza gainean. Alfonso Guilló (71 urte, Expresión Sonora edota Koska taldeetan aritutakoa), kantu eta hitz guztien egilea, liderra eta taldeari izena ematen dion baxu jotzaile eta abeslaria, tinko ari da egitura osoari eusten, eta kantuek behar dituzten bapateko isiltasunak (edo kantuek amaitzeko behar duten berehalako azken beat hori) modu erabakigarrian gidatzen ditu. Efektua berehalakoa eta eraginkorra da, baina ez litzake posible izango inguruan dauzkan musikarien kalitaterik gabe.

Bere ezkerrean, Leok’k taldeko Luis Llavori, gitarra maisutasun eta zehaztasunez jotzen duena. Haren atzean eta ezkerrean, Jesus Aranberri, bere piano elektrikoa eta hammond-arekin hamaika trikimailu egiten diharduena, betiere abestien zerbitzura eta protagonismoa bilatu gabe badabil ere. Atzean, David Gorospe (Leize, Leok’k) bateria jotzaile boteretsua, nahiz eta Alfonsoren eskuinean eta atzean dagoen Txeles perkusionistarekin etengabeko elkarrizketa musikala mantendu behar duen batak bestea ez zapaltzeko. Eta eszenatokiaren ezkerrean (gure ezkerrean) hiru ahotseko emakumezko koroa: Ane Ugalde, Eider Varela eta Silvia Hernandez. Ez da batere erraza izan, Guillók esan zigunez, errepertorio hau kantatu dezakeen hirukote bat topatzea, baina asmatu duela begien bistakoa da.

Tuneletik kantuan garbi ikusi genuen perkusioa eta bateriaren arteko joko hori. Gainera, llavoriren gitarra solo motz baina zoragarri bat ere entzun genuen, eta kanta bukaeran… pum! Bat-batean amaitzen duen azken kolpea. Aparta. Zu ere etorriko al zara? kantuak 70.hamarkadara garamatza, hain zuzen ere Koska taldearen lehen diskoko pasarte barnerakoi haietara, eta Burua makurtu gabe-n hammond solo gozagarri batek txunditu gintuen, Guillóren errezitaldiak, emakumeen koroak… eta amaieran Llavoriren oihuak. Giroa animatzen hasia zen jada, eta taldeak amaierara arte iraungo zuen goranzko bidearekin jarraitu zuen. Bolero erritmo nahiko konplexuaz gozatu genuen Heldu da egunsentia-n, eta jarraian Joe Cockerren Feelin’ alright bikain geratu zitzaien. Egia esateko, jatorriz Traffic taldearena zen kantua, baina biak ere 1968an argitaratu ziren, hain zuzen ere Elgoibarko Expresión Sonora taldea sortu baino urte bete lehenago. Hala ere, eta bere ibilbidea ikusita, argi dago Guillók Cockerren bertsioa bereziki maite duela.

Oraindik ametsetan klasiko baten modukoa da, lau eta bost ahotsetako koroek (emakumezkoak zein gizonezkoak) edertzen dutena, eta Gorosperen bateria metronomo baten zehaztasunaz gailentzen da erritmo konstante bezain segurua markatuaz. Pat Garrett & Billy the Kid pelikulaz galdegin zigun Guillók, eta haren soinu bandan agertzen zen Bob Dylanen Knockin’ on Heaven´s Door zoragarri bat eskaini zigun, euskaratua (Iluna nitaz jabetu da) eta nesken koro benetan limurtzaileak borobildua. Erritmo jostagarrien itzulera berehalakoa izan zen. Alderantziz bezalako kantuetan erakusten dute dibertitzeko daudela hemen. Gainera, Guillók errezitatzeko errekurtsoa erabili zuen berriz hemen, ia-ia rapeatzen ibili zen, hainbat ahotsek momentu garrantzitsuenak azpimarratzen zituzten bitartean. Llavorik gitarrarekin markatutako patroiak ere erabakiorrak izan ziren gero Aranberrik bere teklatuari magia ateratzen uzteko.

Ane Ugalde, Eider Varela eta Silvia Hernández, Elgoibarko emanaldian. URKO ANSA

Emozio fuerteen zaleentzat, azken txanpa benetan apropopsa geneukan zain: Gesala eta argitasuna instrumental bikainean Guillóren baxuaren presentziak eta taldekideei emandako protagonismoak (gitarra soloa, bateria soloa, perkusioa) zeresan handia eman zuten. Llavorik teklatuekin eraikitako haize sekzioak ere aparteko nortasuna eman zion kantuari. Eta agurtzeko, diskoan bezala Ur gaineko bitsetan izan zen aukeratua. Publikoak erritmoari txaloak jotzen jarraitu zion, koroen nagusitasuna eta perkusioaren autoritatea azpimarratuaz. Erritmo trabatu dantzagarriak gozamenerako bide gehiago ireki zituen, eta hori gutxi balitz bezala, gitarra soloa (Llavori) eta teklatu solo motz baina harrigarria (Aranberri). Carlos Santanaren izpiritua maisuki gurera ekarria.

Goiaren goienean utzi zuten taula, baina publikoaren eskariei erantzunez, berriz ere taularatu ziren, oraingoan (eta disko osoa jo zutenez, errepertorioa amaiturik baitzen) Leok’k taldearen Infinituari segika zoragarriarekin. Kantu horren egileak, Luis Llavorik, kantatu zuen gitarra jotzeari utzi gabe. Guillóri Leok’k taldean bere momentua uzten dioten bezala, oraingoan alderantziz gertatu zen eta Llavorik bere luzimendurako aukera izan zuen. Eta Leok’k taldea alde batera utzi gabe (gogora dezagun talde hartako lau partaide Alkimistak taldekoak ere badirela) Ibai sakon, mendi altuaukeratu zuten azken agurra emateko. Ike & Tina Turnerren River Deep, Mountain High famatuaz ari gara, noski. Dena den, kantu hauxe ere Leok’k grabatu zuen eta hain justu Guillók berak kantatu zuen 2019ko Alferrik baita diskoan. Azken kantu hau ere leherketa moduko bat izan zen, eta ordubetetik gora iraun zuen emanaldi berezi honen amaiera borobila izan zen. Etorkizuna nolakoa izango den ez dakigu, baina goizago edo beranduago gure eszena konturatuko da zortzikote honen berezitasunaz eta talentuaz.

Esta entrada fue publicada en Kontzertua y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *